Donostiar batek Kontxako hondartza gainbaloratuta dagoela onartu du

Hainbat lekukoren arabera, ostegun gauean Gasteizko “Kutxi” kaleko taberna ezagun batean 22 urteko donostiar batek Kontxako hondartza “gainbaloratuta” dagoela onartu zion solaslagun bilbotarrari. Hiriburu bizkaitarreko Aste Nagusia askoz hobea dela, eta errealzaleek “enbidia” dietela ere esan ei zion, ingurukoek entzuteko moduan.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Hori gutxi balitz, jarraian neska bilbotarrak hartu zuen hitza: “Donostiako Piraten giroa eta xarma falta zaie gure jaiei eta gainera  bertako alde zaharra dirudun erdaldun sasi-abertzalez josita dago”. Bestalde, biak ados agertu ziren haien bizilekuak Gasteiz baino duinagoak direla aipatzerakoan, “ostegunetako farrak” bakarrik salbatzen duela argudiatuz.

Donostiarraren pisukide batek adierazi digunez, ligatzeko nahiak soilik justifika ditzake bikote xelebreak trukatu zituen hitzak. “Hori bai, gauean ez dute asko hitz egin”, gehitu du haserre aurpegiarekin. Neskaren klasekide batek aldiz, bestelako azalpena eskaini digu: “bata algortakoa da eta bestea añorgatarra. Periferiakoek erdigunea kritikatzeko behar ase ezina dute”.