#AuzolanDigitala Himalaian

Librezale taldeak Himalaian antolatuko du hurrengo #AuzolanDigitala



Hurrengo #AuzolanDigitala egiteko hasi dira prestaketa lanak. Librezale taldeak WIFIa doan eskainiko du Himalaia mendikate osoan.

Izparringia honetako bekadun bat Librezale foro batean sartu da, –inkognitoz, ezizen batekin, jakina–, eta etorkizun hurbilerako dauzkaten planen berri jakin dugu.

Horra mundu mailako primizia.

Librezale taldean, galestarrak eta katalanak aurretik ikusita Common Voice proiektuan, euren komunikazio kanaletan hausnartu eta hausnartu ibili dira azken sei hilabeteotan.

Horra hausnarketa sakon horietatik zer ondorioztatu duten: 10.000 ordu grabatzea, adimen artifizialari euskara, nolabait, ulertzen eta euskaraz ondo ahoskatzeen irakasten saiatzea, eta horretarako, edozein telefonotik, edozein mikrofonotik, edozein tokitatik, esaldiak grabatzea eta besteenak balioztatzea… erronka ERRAZEGIA DA.

“Euskaldunok erronka  handiagoak behar ditugu. Esaldiak, besterik gabe, grabatzea edo balioztatzea errazegia da. Horregatik ez diegu oraindino, galestar eta katalanei aurrea hartu. Eta ez badugu oso burutsu den zerbait asmatzen, ez ditugu inoiz aurreratuko”.

Idatzi zuen, hitzez hitz, Librezale taldeko lider batek. (CC0 lizentziapean, beraz).

Taldean luze eztabaidatu eta gero, horra ia-ia aho batez onartu den proposamena. Hurrengo #AuzolanDigitala Himalaian. Eta ez Bermeon, Zarautzen, Astigarragan, Senperen edo Arabako Errioxan.

Izan ere, aurreko proposamenak oso bestelako bidetik zihoazen. #AuzolanDigitalak antolatzea sagardotegi handi batean, edo Errioxako upeltegietan, edo Baionako bestetan, edo Bilboko jaietan, edo Sanferminetan… Baina, kontuaz sakon hausnartu eta gero, taldean txipa aldatu da eta, argia ikusi dute: euskaldunok erronka handiak behar ditugula argi ikusi dute.

Horrela, hurrengo #AuzolanDigitalean parte hartzaileei mendi altuetara igotzeko eskatuko zaie eta igotzen dituzten metroen araberako esaldi kopurua grabatu beharko. Hori bai, esaldiak grabatu beharko dituzte, beti ere, OXIGENORIK GABE igo bitartean. (Eta, jaisterakoan, besteek grabatutakoak balioztatuko dituzte).

Adibidez, Librezalek antolatutako #AuzolanDigitala bateko partaide batek 8.ooo mila metro igotzen baditu, bada 8.ooo esaldi grabatu beharko. (Kalkulu matematikoan aditua izatea ez da beharrezkoa).


Izparringiak jakin du Juanito Oiartzabal mendizale gasteiztarra euskara eskolak hartzen hasi dela. “Himalayismoan dena egina neukala uste nuenean, honelako erronka berri bat behar nuen” adierazi du arabarrak ilusio handiz.

Mendi magaletakoek ere WIFIa doan izatea eskertuko diote Librezale.eus taldekoei.

Reply