IZPARRINGIA negozio lerro berrien bila

Ikusita Rock&Roll-ak ez duela dirurik emanen -eta larriagoa dena, IZPARRINGIAk ere ez-, honakoa erabaki dugu IZPARRINGIAko Erredakzio Kontseilu Nagusiko kideok, negozio ildo berriak saiatuko ditugula, hain zuzen ere errestaurazio sortzailearen (*) eremuan, munduko hiriburura trumilka datozkigun turistak jezteko ahalegin nekaezinean.
Honako proiektuak ditugu mahai gainean, denak Bilboko Bilbi (**) auzo gentrifikatu berrian gauzatzekoak:

  • Basque Chicken & Beer Experience By The River: Erreka ondoko garagardotegia, alegia.
  • Basque Mullet, Chicken & Beer Experience By The River: Aurrekoa, baina lasunak (korrokoiak) menuan sartuta.
  • Basque Mullet, Chicken & Local Beer Extreme Experience By The River – Do It Yourself Fishing Your Mullet & Hunting Your Chicken. (Also lactose & gluten free): Menu honetan bezeroak oilaskoa harrapatu, hil, lumatu eta lasunak arrantzatu eta garbitu beharko ditu, bazkalduko badu, beti ere giro bilbotar eta so basque batean murgildurik. Garagardoa ere bezeroak eskuz egin beharko du, bestela jai.

Izango duzue ekimen interesgarri honen berri gehiago…


(*): Errestaurazio sortzailea kontzeptua ez dugu guk asmatu, jakina, baina guk patentatu dugu lehenik, beraz, erabili nahi izatekotan, abisatu. Esango dizuegu zenbat zor diguzuen.

(**): Argazkiko paisaia ezin ederragoaz gozatu ahal izango da geure jatetxetik.