Anarik Ogi Zerutik eta Ostian Bizi Zara-ren bertsioak egingo ditu hurrengo diskoan

Espero gabeko arrakasta ari da izaten Anari Alberdiren azken diskoa, Epilogo bat; gakoa, zalantzarik gabe, Agur Jesusen Amaren bertsioa. Intro izena ipini diolarik, kontzertuak hasteko erabiltzen hasi da kantari azkoitiarra eta lehen kontzertuetan hasi da kantaren eragina somatzen. Anariren hitzetan: “Izugarria da: lehen akordeak entzun orduko, entzuleak bere baitara bildurik ikusten ditut, bihotzak hunkiturik, epifania jainkotiar betean…”
Kantaren harrera ona ikusirik, hurrengo diskoa zen bidetik joango den aurreratu digu Anarik: “Azken hau Epilogoa izan bada, hurrengoa birjaiotze bat izango da”. Diskoa osatuko duten abesti batzuk zein izango diren ere aurreratu digu: “Zenbait pentsatuta dauzkagu jada: Ostian bizi zara, Ogi zerutik etorria, Hona bildots eztia, Gure Aita…” Udarako prest egongo omen da CD, Mp3, binilo eta kasete formatuetan. Sekretu bat ere aurreratu digu Anarik, datorren urteko Durangoko azokarako Euskal Herriko elizetan gabon inguruan kantatzen diren doinuekin bilduma berezia prestatzen ari direla: Birjiña maite, Atozte kristauak, Trakatan trakatan…
Bestalde, IZPARRINGIAk iturri onetik jakin ahal izan duenez, Anari buru belarri ari da Boollywooden egingo duen hurrengo filma prestatzen.
Ibilbide oparoa darama Anarik Indian eta dagoeneko film arrakastatsu batzuk baditu eginak. Behean ikus ditzakezue afixak eta hemen filmetako bat ikusi.
anariposter