Trebiñutar amona batek H&M-ren iraupena kolokan jarri du

H&M enpresa orain arte emakumeak janzten aritu bada ere, epaiketa baten arabera azkenaldian emakumeak saltzen aritu da. Horren froga dugu Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, Trebiñuko kale nagusian orain dela aste gutxira arte  ikusgai egon den iragarki hau:

hatxeetaemeDirudienez, Donibane aldapan bizi den 94 urteko atso batek, Juanitak, elizarako bidean iragarki hau ikusi zuen orain dela hilabete gutxi eta etxera itzulitakoan abokatua den bere bilobari emakumeak saltzea onartezina zela eta zerbait egiteko agindu zion. Bilobak ate guztiak jo zituen eta enpresa honen inguruan iskanbila galanta sortu da.

Juanitaren salaketa hain larria izanik (esklabotza, prostituzioa, emakumezkoen salerosketa eta abar) guardiako epaileak dokumentazioa jaso bezain pronto epaiketa ospatu zuen eta ebazpen bezala 10 milioi euroko izuna ezarri dio H&M enpresari. Enpresak dagoeneko helegite bat aurkeztu du epai honen aurka eta dena gaizki-ulertu baten emaitza izan dela defendatzen du.

Izparringia Juanitarekin hitz egitea lortu du eta argazkirik edo elkarrizketarik egiteari uko egin badio ere, epaiketako grabaketaren kopia bat eman digu. Hemen duzue mamitsuena:

Gabino Erkiaga (Juanitaren biloba): Ez al da egia H&M-k iragarkian agertzen den emakumea saldu egin zenutela?

Michael Hurrinton (H&M enpresako zuzendari exekutiboa): Ez, inolaz ere. Gure iragarkietan maiz gure langileak agertzen dira eta kasu honetan Puerto Ricoko delegazioko kide bat agertzen da.

G: Orduan emakume hori zure langilea zela eta 30 eurorengatik saldu zenuela onartzen duzu?

M: Berriz diot. Emakume hori ez dut saldu, langile bat besterik ez zen.

G: Zen? Orain ez da langilea ala?

M: Ez, hilabete honetan azpikontratatu egin dugu AEBetako beste denda batera.

G: Baina orduan onartzen ari zara emakumea saldu egin duzula!

M: Saldu, azpikontratatu… ni nahasten zabiltza. Gainera 30 euro baino dexente gehiagogatik saldu genuen.

Jon Maeztu (epaile txit agurgarria): Saldu ala azpikontratatu esan nahi duzu Michael jaina?

M: Bai, beno, azpikontratatu esan nahi nuen.

G: Harriturik naukazu. Emakume amerikar hori saldu egin duzula onartzen duzu eta gainera diru gehiago jaso zenuela esaten diguzu. Garestiago saldu izanak emakumezkoen salerosketak justifikatzen duela esan nahi duzu ala?

M: Ez! Ez dut hori esan nahi. Guzti honek ez du hankarik ez bururik. Gaizki-ulertu handi bat besterik ez da. Hasteko emakume hori ez da amerikarra, Puerto Ricokoarra da. Nire langile bat zen eta argazki batzuk atera genizkion gure produktuak saltzeko, besterik ez. Jantziez ari naiz, ez gure langileez.

G: Zergatik diozu emakume hori ez dela amerikarra? Iragarkian amerikarra dela esaten du.

M: Bai, baina bera Puerto Ricokoarra da, ez amerikarra.

G: Puerto Rico estatu aske elkartua da eta bertan jaio zen Barack Obama bezala, amerikarra da. Ala Estatu Batuetako presidentea Estatubatuarra ez dela esaten ari zara? Gainera Ipar Amerikan eta Hego Amerikan bizi diren guztiak dira amerikarrak, Puerto Ricokoarrak barne.

J: Beno, nahiko entzun dut. Eseri denok. Lekukoak iragarkian jartzen duen guztia egia dela onartzen du. Beraz, salaketa ontzat eman beharra dut.

10 milioi euroko isuna ezagutu ondoren H&M enpresako zuzendariak isun hori ordaindu ahal izateko enpresa itxi beharko lukeela zabaldu du zenbait hedabidetan. Oraingoz hori da guztia kasu honen inguruan.