Israelek terroristatzat jo lezake Espainiako Estatua, trafiko araudia dela eta

Israelgo Estatuak Madrilen duen enbaxadak gutun ofiziala bidali dio Espainiako Barne Ministerioari, trafiko araudia hilabeteko epean aldatzeko exijituz. Aldaketarik egin ezean, Israelek adierazi du ‘estatu terroristatzat’ jo beharko duela Espainiako Erresuma, eta halako kontsiderazioari dagozkion neurriak hartu.

Auziaren jatorrian dagoen seinalea 'probokazio hutsa dela' uste du Israelgo enbaxadak.

Auziaren jatorrian dagoen seinalea ‘probokazio hutsa dela’ uste du Israelgo enbaxadak.

Gutunean azaltzen duenez, Israelgo enbaxadak ‘zientoka kexu eta samin adierazpen’ jaso ditu Espainiako Erresuman zehar dabiltzan israeldarren partetik, trafiko seinale batek sortzen dien ezinegona dela eta. Hona gutunean irakur daitekeen azalpena, hitzez hitz:

Aparkatzeko leku libreak geratzen direla adierazteko “P LIBRE” dioen kartel handi bat erabili ohi da. Auzia ikertu ondoren, Israelgo informazio zerbitzuek argi eta garbi ikusten dute halako kartelak probokazio hutsa direla, euren benetako asmoa Palestinaren askatasuna aldarrikatzea baita. Halaxe interpretatu dute -samin handiz- seinaleak ikusi dituzten Israelgo herritarrek, eta interpretazio horrekin bat dator zerbitzu hau.

Beste estatu gazteleradun batzuetan erabiltzen den seinalea, Israelen arabera Espainian ere erabili behar dena

Beste estatu gazteleradun batzuetan erabiltzen den seinalea, Israelen arabera Espainian ere erabili behar dena

Jakina da Israelgo herriak sufrikario handiak jasan behar izan dituela bere historian zehar, eta horregatik hain zuzen ere ez gaude prest beste inongo estaturen inolako irainik jasateko. Hilabeteko epea ematen diogu Espainiako Gobernuari, gutun hau jasotzen duen egunetik kontatzen hasita, trafiko araudia aldatzeko. Gazteleraz mintzatzen diren beste estatu batzuetan bezala, Espainiako trafiko araudiak berak “estacionamiento” gisa izendatzen duena P letrarekin baino, E letrarekin seinalatzeko exijitzen diogu. Hala egin ezean, Israelgo Estatuak Espainiakoa estatu antisemita eta terroristen zerrendan sartzea beste erremediorik ez du izango.

Espainiako Gobernuak ez du oraindik adierazpenik egin kontu hau dela eta. Espero denez, hurrengo orduotan emango dute erantzuna, bideokonferentziaz seguruenik ere.