Tropela.net-en konexio zikinak

Euskaltzalea, kirolzalea, sanoa… lehen bistadizoan,  tropela.net webgunea etxerako modukoa dela esan genezake. Baina, zer dago benetan txirrindularitza eta apustuen zaletasunetik elikatzen den gune horren atzean?

Itxura inkietante samarreko bikote hau egunero-egunero  biltzen da lehen Tropela Elkartea eta orain Tropela Korporazioa deitzen denaren bulegoen parean

Itxura inkietante samarreko bikote hau egunero-egunero biltzen da lehen Tropela Elkartea eta orain Tropela Korporatsiya deitzen denaren bulegoen parean. (Argazkia: Nfoka@Flickr)

Izparringiak jakin duenez, tropela.net kudeatzen duen Tropela Elkarteak bere burua kapitalizatu eta Errusiako inbertsore talde bati saldu zion duela hilabete batzuk, eragiketan milioika euro poltsikoratuz. PARI (apustua) izeneko taldearen jabeak Eurovegas proiektuaren bultzatzailea, Sheldon Adelson, eta Errusiako enpresari talde bat dira.

Araia

PARI taldeak Araia inguruan ezarri nahi du EuskoVegas, 2017rako. (Argazkia: Wikipedia)

Enpresako barne dokumentu baten arabera, Tropelaren jabe berrien helburua Euskal Herrian apustuzaletasuna hedatzen joatea litzateke, eta horretarako Tropela bera, Kiroljokoa eta esparruko beste enpresa batzuk erosiko dituzte. 2017an berriz, lursail erraldoi bat erosiko lukete Arabako lautadan EuskoVegas eraikitzeko.

Mugimendu hauek denak, noski, diskrezioz eta pixkanaka egin nahi ditu PARIk, mugimenduak ez daitezen nabarmenegi geratu. Hala, 2014 bukatu bitartean komunikazio kanpaina erraldoi batean sartu dira, jokoa eta apustuzaletasunaren irudia garbitzeko. Lehen pausua tropela.net erosi eta hainbat hizkuntzatan jartzea izan da, merkatua hedatzeko, eta bigarrena haren irudia zabaltzea da, interes sozialeko proiektu gisa aurkeztuz eta hainbat sari erosiz.

Gure itzultzaileak eskuratu dugun dokumentuarekin lanean dabiltza uneotan. Informazio xeheagoa izan ahala, helarazi egingo dizuegu.