Mike Oldfielden azken bideoklipak Benito Lertxundik grabatu ditu

Mike Oldfield musikari britainiarrak “Man on the Rocks” disko berria kaleratu behar du asteon. Baina badira sei urte Oldfieldek azken grabazio originala egin zuenetik, eta, Izparringiak jakin ahal izan duenez, musikaria beldurrak jota zegoen berriz plazara atera beharrarekin.

Oldfielden ekoizleek gau ta egun ibili dira irtenbide baten bila eta, beheko irudi esklusiboan egiazta daitekeenez, topatu ere topatu egin dute. Jakin dugunez, Oldfieldek promozio lanetarako grabatutako bideoklipetan agertzen den musikaria ez da bera, Benito Lertxundi baizik.

benitolfield

Itxura deigarri samarra duen Luke Spiller kantaria ere fitxatu dute arreta desbideratzeko, baina argi eta garbi ikusten da gitarrarekin dagoena Benito Lertxundi dela. Bideoklipeko irudi honetan barreari ezin eutsita daude biak, baten bat iruzurraz jabetuko ote den.

Orioko bardoak errezelo handiz hartu zuen hasieran proposamena, baina gerora onartu egin du, bizarra kentzearen truke baldintza zorrotzak ezarriz. Batetik, bideoklipak Bahama Uharteetan grabatu behar zirela esan zuen Lertxundik, eta bestetik, bere errepertorioko hainbat pieza ere sartu behar zirela diskoan. Hala, disko berrian ‘Bizkaia maite’-ren bertsio instrumental bat aurki daiteke, Oldfieldek berak gitarraz soilik jotakoa, baita “Down Town”, Herri Beheraren ingelesezko adaptazioa, Moonlight Shadow mitikoa kantatzen zuen Maggy Reillyk berak kantatuta.