BizkaikoKulturTxartela helburu gastronomikoetarako ere erabilgarri

2013an, abenduan, Bizkaiko Foru Aldundiak euskaldunokin eskertzeko moduko adeitasuna izan zuen. Tratu hau proposatu zien Aldundiak euskaldunei, 25 € jarrita 40 € euskal kulturako produktuetan xahutzeko aukera.

Horretarako, kreditu txartel bat eskuratu eta Kutxabank bateko ukitze-pantailaraino joan, besterik ez omen zen egin behar.

Jaso dituzten kexa zaparradaren ostean, ordea, Aldundikoek onartu behar izan dute,  –offtherecord hori bai-, gastronomia produktuak barne ez zeudela ez zutela nahikoa ondo azaldu. Gastronomia gure kulturaren oinarri, habe eta zutabe bada ere.

Horrelako kasuak gertatu dira (benetako gertakizunak doa hemen baina Anbrosio izen asmatua da):

AmbrosioBizkaikoKulturTxartela horren berri Bizkaia Irratitik jaso du eta pozik joan da bere herriko BBKra. Berak ez du inoiz plastikozko diru zikin hori erabili baina euskal kultura bultzatzea baldin bada kontua, tira… Liburuak-eta aspaldian erosi gabe eta bizkaierazko hainbat liburutan laster xahutuko dituela 40 euroak pentsatu du. Besterik ezean Kili-kili aldizkari batzuk ilobentzat, bilduma osoa, zergatik ez, pentsatu du.

Leihatilan ilaran luze itxaron eta gero azkenean lortu du plastikozko txarteltxoa. Joan da ukitze-pantailadun makinara, EUSKERA hautatu nahi izan du baina azkenean EUSKARArekin aurrera egin behar, tira…

Haserretu da Ambrosio makinak gero dena erdara betikoan egin dionean. Hortxe hasi da mekaguenka makinari baina ostikadak ematen hasteko gogoari eutsi dio. Azkenean, erdarazko argibide ilunei jarraiki ONARTU egin du tratua: bere kreditu txarteletik 25 € kenduko dizkiote eta berak 40 euro xahutu ahal izango ditu euskal kulturako produktuetan.

BizkaikoKulturTxartela_ukitze-pantaila_ONARTU

Aldez aurretik 40 euro horiek gutxiegi direla Athleticeko partida bat ikusteko, Eroskira liburuak erostera joan da.

Liburu guztiak erdara hutsean topatu hasieran:

Eroski_Artea_liburu_salduenak_2013_abenduan

Saltzailerik ez inguruan eta bueltaka hasi da liburu eta aldizkarien artean. Azkenean liburu batzuk euskaraz ere badaudela ikusi du; ezkutaturik, erdarazkoen atzean, baina hortxe. Ikusi duena, dena den, ez zaio batere gustatu, horra; Ladrón Arana goitizen maltzurretan maltzurrena iruditu zaio. Haserre joan da ezer erosi gabe. “Lapurrak edonon eta baten batek oraindik ere Sabinori irainka” oso haserre, bere baitan…

BizkaikoKulturTxartela erosi zuten otzanenak Bizkaiko Ogasunetik proposatutakoa onartzearen alde agertu ziren; makinetako produktu gastronomikoekin etsi. (Argazkia via Flickr – Euzkaras by oraculación precoz).

Izparringiak jakin du Ambrosiok eta beste askok ez dutela oraindik bere BizkaikoKulturTxartela gastatu. Hasi dira horietako batzuk Ogasunera joaten bere aurrezkiak nola berreskuratu galdetzera. Kontua preferenteekin egin zen iruzurra baino eskandalagarriago dela ziurtatu zion Ambrosiok izparringia.net-eko berriemaile honi:

“Edo gure dirua atzera emoten deuskue edo AVTkoek baino zalaparta mediatiko haundiagoa einbikogu!” mehatxatu zuen Anbrosiok berriemaile honen bidez.

Izparringiak Ogasuneko arduradun batzuei telefono dei batzuk egin eta euskaldunei berrogei euroak gastronomia produktuetan ere gastatu ahal izango dituztela, ziurtatu digute ahoz (Offtherecord, hori bai), baina Bizkaian horretarako propio Aldundiak prestatuko dituen zenbait Vending makinetan besterik ez.