Izparringiaren etapa berria, Jeff Bezosen eskutik

Jeff Bezos' iconic laugh (Wikimedia Commons)

Bezosek enegarrenez ukatu du, barre algaraka, Lontzo Sainzen senidea denik

Izparringiak etapa berri bati ekin dio 2013ko abenduan, Amazon eta The Washingotn Post-en jabe Jeff Bezos-ek argitalpen hau ere erosi ostean.

Bezosek ohar batean azaldu duenez “aspalditik nuen Izparringia begiz jota. Kazetaritza eredu ausart eta kritikoagatik, eta, batez ere, negozio eredu ezin errentagarriagoa topatu duelako. Bi ereduok, editoriala eta ekonomikoa, laster aplikatuko ditut taldeko beste hedabideetan”.

Paperezko Izparringia, erlamando bidez

Era berean, Amazon eta The Washington Posten jabeak iragarri du Izparringiak 2014ko udaberrian izango duela paperezko edizioa. Harpidetza  bidez soilik eskuratu ahal izango da, eta goizero-goizero horretarako fabrikatutako drone edo erlamando flota batek egingo du banaketa. Bezosen hitzetan, Izparringia produktu “ideala da erlamandoekin probak egiten hasteko, hala banaketa eremua nola aurreikusitako harpidedun kopurua neurri-neurrikoak direlako”.

Bezosek bilera urgentea eskatu du HEKIMEN, Herri Ekimeneko Hedabideen Elkartearekin, Izparringia bertako bazkide egiteko. Bertako iturriek konfirmatu digutenez, ARGIAk ezezko borobila eman dio Izparringia elkartekide izateari.

Nazioarteko edizioa

Bezosek iragarri duenez, Izparringiak diseinu aldaketa nabarmenak izango ditu laster, eta urtarrila hasieran nazioarteko edizio bat ere jaioko da, The Sparring izenarekin.

thesparring

Dirutza

Kopuru zehatza komunikatu ez bada ere, dirudienez Bezosek dirutza ordaindu dio Izparringiaren editore taldeari, argitalpena eta haren baliabide guztien truke. Konfirmatu gabeko iturriek diote kazetari talde batek hegaldi berezia pleitatu duela aste honetarako Loiuko aireportutik Bahametara.