Gaztelugatxeko eliza botako dute datozen egunotan

Gaztelugatxe_4199995260

Bermeoko udalak, Doniene Gaztelugatxekoa eraistea erabaki du. Idurre Bideguren alkateak azaldu duenez, Euskal Herriko paraje ezagunetako eta politenetako batean kokatuta dagoen elizak, ez du inoiz kostaldeei buruzko legea bete. «120. artikuluak argi usten du eraikina legez kanpo dagoela, eta horregatik lege hau atera zenetik urtero izun bat ordaintzen du udalak». 1988. urtetik hona Bermeotarrek ordaindu behar izan duten dirutza izugarria da eta dirudienez goizago ala beranduago hartu beharreko erabaki bat zen. «Krisia dela eta herriko aurrekontua asko murriztu da eta egoera honekin amaitzeko garaia heldu zela erabaki dugu». Arrantzale kofradiako arduradunaren laguntzailearen auzokoaren koinatak Izparringiari azaldu dionez, alternatiba asko planteatu dira urte guzti hauetan (sarrera kobratzea, izuna ez ordaintzea, eliza lekuz mugitzea…) baina udalak, konpontzen zituztenak baino arazo handiagoak sortzen zituztela argudiatuz, herritarren proposamen guztiei ezezkoa eman die beti.

Urteko azken egunean, abenduaren 31an, kontratatutako enpresak eraikina harriz-harri eskaileretan behera jaitsiko du ingurumena kaltetua izan ez dadin eta kanpaia Bermeoko udaletxeko sotoan gordeko da. «Izuna saihesteko, 2014a hasi orduko eraikina kendu beharra dagoelako aukeratu dugu, eta bezperan, abenduaren 30ean, jende asko bertara joateko ohitura duela», azaldu digu Bidegurenek. «Bermeotarrok eta Bakiotarrek hain maite dugun Donieneri agur esateko aukera izango dute” . Baina polemika inoiz baino handiagoa da herrian eta arrantzale kofradiako arduradunaren laguntzailearen auzokoaren koinatak eta bere ilobaren etxeko teilatua konpondu zuenak, herritarrek erabaki hori inolaz ere onartzen ez dutela diote. Abenduaren 30an, hau da, astelehen goizean, Gaztelugatxeko elizan ospatu ohi den meza amaitu eta batera, elizako eduki guztiak eramango dituztela eman dute aditzera. «Bakioko gazte koadrila batek harriak banan-banan jaitsiko zituztela zabaltzen hasi zen eta dagoeneko Mundaka, Bakio eta Bermeoko ehunka gazte lokalero koordinatuta daude abenduaren 31a heldu aurretik eraikina leku sekretu batera eramateko».

Bermeoko alkateak kontu hauek zurrumurruak besterik ez direla ziurtatu digu, baina bestalde, Ertzaintzak, ospakizunak errespetatuko baditu ere, bihartik aurrera Gaztelugatxe lurrez, airez eta itsasoz babestuko dutela ere onartu du. Bizkaian Green Peace-eko bozeramailea den Errexil Hostorenak Gaztelugatxeko gatza eta piperra eskailerak igotzean datzala esan digu ozpinduta eta 231 ogi apurrekin ordeztuko balira ere ditxosozko kanpaiak kutsadura akustiko onartezina sortzen duela. Bermeoko abadeak momentu txarrean arrapatu dugula eta (arratsaldero egiten duen yoga sesioan zegoen) ez du adierazpenik egin nahi izan, Zen musika topera jarrita ere bere txakrak itxiko ei zirelako.