IKEAren estilo aldaketa hasi da

Azken hilabeteotan, ahoz aho dabil IKEA korporazio ezagunak arazoak dituela. Orain dela 70 urte, 1943. urtean, Ingvar Kamprad enpresariak, gaur egun munduko pertsonarik aberatsena denak, altzariak saltzen hasi zenean, inork ez zuen aurreikusi gizon honek lortuko zuen arrakasta. IKEAren gainbehera berriz, iragarri daitekeela diote adituek, Ingvar zaharrak orain arte bere semeen artean ganorazko ordezkorik aurkitu ez duelako. IKEAko sortzaileak hilabete honetan bertan izendatu du bere seme gazteena, Mathias Kamprad, multinazionaleko zuzendari. Eta dagoeneko kritikak jasotzen hasi da.

Mathiasek artistatzat du bere burua eta enpresaren estilo garbi eta praktikoarekin bat ez datozen produktuak ateratzeko arriskua zegoen. Zuzendaritza ofizialki hartu duenetik, aste gutxi batzuk bakarrik behar izan ditu berak diseinatutako haur-aulki altu bat, “trona” bat, IKEAko katalogora gehitzea lortzeko:

barnstol

Enpresa gertutik jarraitzen dutenek, Mathias Kamprad-ek anbizio handiko plan bat prest duela diote, bere aitaren estiloa goitik behera aldatzeko. Plan hori martxan da dagoeneko eta hemendik aurrera, orain arte sinesgaitzak ziren produktuak sortuko ditu IKEAk. Askok, salmentak behera egingo dutela diote, baina zuzendari abangoardista honen zaleek, alderantzizkoa gertatuko dela diote. Denboraren epai geldiezinak argituko du IKEAren estilo berriak zein eragin izango duen enpresaren etorkizunean eta baita mundu guztiko altzari eta etxe-dekorazio joeretan.

OHARRA: Aulki berezi hau Leioako IKEAn irailetik aurrera egongo da salgai.