Gaur da Autobonbo Jasangarriaren Eguna!!

Autobonboa egin beharrean solariumera joan zen... eta begira!

Autobonboa egin beharrean solariumera joan zen… eta begira!

Gaur, ekainak 12, eta egun osoan zehar, Autobonbo Jasangarriaren Eguna (AJE) ospatuko da Euskal Herriko lurralde guztietan, baina bereziki zortzigarrenean: Interneten. Autobonbo Literario Etikoaz (ALE!) Gorka Bereziartua aka @boligorria-k lehenago hitz egin badu ere, IZPARRINGIAk sustatutako ekimen honek tradizioa sortu nahi du eta hartara urtero edozeinek bere blog, Twitter kontu edo Interneteko txokoaren propaganda egin ahal izango du, egun batez, egolatra gogaikarri hutsa dela esango dioten beldurrik gabe. Autobonbo Jasangarriaren Egunean “goizeko pasea”, “gaueko pasea” eta areago “tearen orduko pasea” ere eman diezaiokezu bestela inork irakurriko ez lukeen zeure blogeko sarrera horri. Autobonbo Jasangarriaren Egunean nork bere egoa aska dezake eta lotsa izpirik gabe loriatu bere blog, Twitter kontu edo webgunearen doai paregabeak.

Adibide gisara, IZPARRINGIAk orduro tuiteatuko du -lan horren ardura duen alferra konbentzitzen badugu, behintzat- munduko orainkaririk onena den honen laudoriozko mezuren bat.
Beraz, hemendik gonbidapena: Blog, Twitter kontu… Interneteko gunerik onena duzu eta lotsatzen zara hauspotzeaz? Ez ba! Zabal ezazu lau haizetara zeure webgune kutunaren helbidea #autobonbo traolapean. Gogoratu: gaur beldur barik egin dezakezu, bihar ez dizute barkatuko!
 
OHAR GARRANTZITSUAK:

  • Traola #autobonbo izango da, #autobombo jartzen dutenak fusilatuak izango dira egunsentian.
  • Halaber, erailak izango dira -astiro eta oso, baina oso, era mingarrian- Facebookeko beren orriaren propaganda egiten dutenak.