Beranduegik gorbata zatiak salduko ditu zorrak kitatzeko

Beranduegi web-telebistako arduradunek aurkezleen gorbatak zatitu eta enkantean saltzea erabaki dute, saioak iraun duen 100 emanaldietan pilatutako diru galerei aurre egiteko asmoz.

Ofizialki jakinarazi ez badute ere, saioko aurkezleen gehiegizko katxea izan da  saioa eten eta ARGIAko zuzendaria kaleratzeko arrazoia. Estitxu Eizagirrek jakinarazi duenez, Gorka Bereziartua eta Unai Brea ‘jainkotu’ egin dira denbora honetan, Xabier Letonak haien eskari gero eta absurdoagoei men egin dielako batere eztabaidatu gabe.

Haien korruptelen baitan, Break eta Bereziartuak BERANDUEGIren instalazioak erabili izan dituzte entseguak egiteko

Haien korruptelen baitan, Break eta Bereziartuak BERANDUEGIren instalazioak erabili izan dituzte entseguak egiteko

ARGIAko erredakzioan kontatu digutenez, eskari horiek pop izarren mailara iritsi dira denborarekin. Anonimotasuna gorde nahi duen langile batek IZPARRINGIAri azaldu dionez “Gorka Bereziartuak bere aulkian 4 kuxin jartzeko exijitzen zigun irudietan Unai Brea baino altuago agertzeko. Unaik hiruzpalau aldiz alde egin du platotik grabazioa bukatu gabe, edateko jartzen genion Vichy Catalan ura ez zegoelako ‘zehazki’ 8 graduko tenperaturan. Hasieran grazia egiten ziguten horrelakoek, baina azken bolada honetan infernu bat izan da”.

Aurkezleen obsesioa IZPARRINGIA baino arrakastatsuagoak izatea izan da azen saiootan, “eta Xabier Letonak bere esku dagoen guztia egin izan du ebidentzia ukatu eta aurkezleek hala zela pentsa zezaten”. CodeSyntaxeko jendeari ere dirutza eman dio ARGIA eta Beranduegi lehen postuetan agertzeko UMAP rankingetan,  egia bestelakoa bada ere”.

Horren berri zabaldu denean, ARGIAko arduradunek Beranduegi bertan behera uztea eta zuzendaria kaleratzea ere erabaki dute, “proiektuaren izen onaren mesederako”. Aurkezleen gorbatak zati txikietan aterako dituzte enkantera, sortutako zorra ordaindu ahal izateko. Bereziartuak eta Break duo folk-pop bat sortu eta kalean kantatzen hasi dira, bizimodua atera ahal izateko. Letonaren etorkizuna, berriz, ez dago batere argi.