Jaurlaritzak segurtasun koordainketa ezarriko du ekainetik aurrera

Askegunea desegitekoa bezalako operazioek Segurtasun Sailean eragiten duten gehiegizko gastua ekiditeko, eta “bizi dugun garai ekonomiko zaila” kontuan hartuta, Arantza Tapia Ekonomia Sailburuak neurri polemikoa iragarri du gaur. Ekainetik aurrera, segurtasun koordainketa sistema ezarriko du Jaurlaritzak, “herritarrek ere hain garrantzitsua den zerbitzu honen mantenuan lagun dezaten”.

“Herritarron segurtasuna guztion ardura da” -azaldu du Tapiak- “eta herritarrona ere bai. Gure segurtasun indarrek gero eta ahalegin handiagoa egiten dute denok lasai bizi ahal izateko, eta ulertu behar dugu zerbitzu garrantzitsu hori ezin dela dohainik izan”. Ekainetik aurrera, beraz, Ertzaintzak tasa “sinbolikoa” kobratuko die herritarrei bere parte hartzea beharrezkoa izaten den bakoitzeko.

Norbanakoekiko esku hartzeek, bi euroko tasa

Tasen zerrenda osoa laster kaleratuko du Jaurlaritzak Segurtasun Sailaren webgunean, baina oinarrizkoenak gaur bertan aurreratu ditu Sailburuak. Norbanakoekin egindako esku hartze arruntek bi euroko tasa izango dute. Multzo horretan sartzen dira, besteak beste, trafiko isunak, identifikazio eskariak, alkoholemia eta bestelako trafiko kontrolak eta abar. Alkoholemia kontroletan putz egiteaz gain, beraz, bi euroko tasa ordaindu beharko da momentuan.

Ertzaintzak herritarra garraiatu behar duen kasuetan berriz, kilometro bakoitzeko euro bateko tasa ezarriko zaio herritarrari. Tasa hori aurreko oinarrizkoari gehituko zaio. Hartara, ertzainek kalean dabilen lagun bati dokumentazioa eskatu eta horrek aldean ez badarama, bi euro ordaindu beharko ditu identifikazio eskariagatik, eta beste euro bat atxilotutako lekutik komisariara dagoen kilometro bakoitzeko.

Ekonomia Sailburu Arantza Tapia. ostikozain automatikoen prototipoa erakusten

Ekonomia Sailburu Arantza Tapia. ostikozain automatikoen prototipoa erakusten

Esku hartze kolektiboetan, antolatzaileak ordaindu beharko du

Askegunea edo manifestazioak bezalako kasuetan, Segurtasun sailak gutxi gorabeherako tasa bat kalkulatuko du, ekitaldiaren partaide kopuruaren araberakoa, eta antolatzaileari kobratuko dio. Sailburuak azaldu duenez “200 laguneko herri harresi batean, adibidez, 400 euro kobratuko genituzke lagun horiek guztiak erretiratzeagatik, beste 400 identifikatzeagatik, eta kopuru aldakorra Ertzain Etxera eraman beharreko lagun kopuruaren arabera. Edonola ere, mobilizatutako ibilgailu bakoitzeko ere tasa bat ezarriko dugu, oraindik zehaztu gabe daukaguna”.

Tapiak gaineratu du baloratzen ari dela materiala urratzeagatiko tasa gehigarri bat, antolatzaileei ere ezarriko litzaiekeena. “Oso gastu handia dugu gomazko pilota eta borretan eta hori ere konpentsatu beharra dago”. Dirudienez, mahaigainean dagoen proposamenak erabilitako pilota bakoitzeko 50 zentimoko tasa aurreikusten du, eta beste 30 borra-kolpe bakoitzeko. Piloten tasa antolatzaileei kobratuko litzaieke, eta kolpeena berriz, kolpeak jaso dituztenei.

Ordaintzeko erraztasunak

Amaitzeko, Arantza Tapiak argitu du Jaurlaritzaren asmoa “tramite horiek denak ahal bezainbeste erraztea” dela. Tasa guztiak %50 murriztuko dira astebeteko epean ordaintzen badira, eta gainera ostikozain automatikoak instalatuko dira Ertzaintzaren komisaria eta udaletxe guztietan. Gailu horietan, ordainketak era automatizatuan egin ahal izango dira, NANa eta kreditu txartela erabiliz. Borondate onaren erakusgarri, Jaurlaritza tarifa lau moduko bat diseinatzen ari da EHBildu, gazte mugimendu eta sindikatuentzat.