Psy musikari famatua Ipar Koreako mandatariaren anaia da

Korean aspalditik agerikoa zen sekretua ofizialki baieztatu berri du Hego Koreako gobernuak. Kim Yong-un ipar korear mandatariaren argazki bat (ezkerrean) eta Gangnam Style abestiarekin mundu osoan ezagun egin zen Psy hego korear musikariaren argazki bat (eskuman) alderatzen baditugu, antzekotasunak agerikoak dira:

Psy eta Kim Jong-un

Hego Korean, Psy musikaria benetan ipar korearra izan zitekeela eta iaz zendu zen Kim Yong-il mandatariaren seme nagusia izan zitekeela, aspaldiko zurrumurruak dira. Baina Kim Yong-il ipar korear mandatariaren semeei buruz ezer gutxi jakinik, frogatu ezinezkoa zen hori.

Baina azken hilabetetan, arrazoi oso desberdinengatik, anai biak mundu osoan ezagunak egin dira eta beraien argazki eta bideoak nonahi zabaldu dira. Horri esker, AEBetako aditu talde batek pertsonaia bien belarriak sakonki aztertu dituzte eta inolako zalantzarik gabe, aita, ama eta izeko berak dituztela ondorioztatu dute.

Albiste hau Hego Korean zabaltzen hasi denerako, Psy musikaria (bere benetako izena Kim Yong-chul da) leku ezezagunean zegoen. Musikariaren zaleek munduko txoko ezberdinetan kokatzen dute beraien «Psy the Spy» (Psy espioia, euskaraz) idolo maitatua:

  1. Psy / Psy the Spy / Kim Yong-chu iparraldera itzuli dela,
  2. dagoeneko AEBetan dagoela etorkin ilegal bezala,
  3. gaztetan ikasi zuen Suitzako bere ordezko amarengana joan dela ea gela libre duen galdetzera,
  4. anaia Kim Yong-un-ek aspaldi egin zuen bezala, Japoniako Disneyland bisitatzera joan dela,
  5. eta baita tabako bila atera eta gertatutakoaz tutik ez dakiela.
  6. PIONGYANGeko AHOTSAk musikaria Zornotzako barnetegian euskara ikasten egotea ere posible dela argitu du.

Hego Koreako gobernuak musikaria ipar korearra dela eta Kim Yong-il-en seme nagusia dela onartu du, halaber adierazi du «Psyren azken diskoa aurreikusita zegoen bezala datorren astean argitaratuko da, eta salmentekin lortutako diru guztia Ipar Koreara begira jarriko diren anti-misil gehiago erosteko erabiliko da». Seuleko gobernuak Psy Ipar Koreak bahitu duela guztiz ukatu du. Ez da espero musikariak Hego Korean dituen milioika zaleek disko berriari boikota egingo diotenik. Alderantziz, psikologoek diotenez, Psy-ren musika dantzagarriak bere desagerpena onartu eta barneratzen lagunduko die.