Oker bati esker Kutxabank-ek ez du etxe kaleratzerik burutuko

Atzo arratsaldean, apirilak 11, Kutxabank-eko batzar nagusia burutu zen Bilbon. Bozkatu beharreko puntuetako bat etxe kaleratzeen ingurukoa zen eta gai honen polemikotasuna dela eta, gizarte mugimenduek protestak egin zituzten bankuak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean. Okupazio mugimenduak adibidez, kale horretan dagoen burger jatetxe ezaguna okupatu eta patata frijituak agortu zituzten.

kutxazankEgoitza barruan, batzarra espero bezala joan zen bozketen ordua heldu zen arte. Kutxabank-eko hipotekak ordaindu ezin dituzten zordunak etxeetatik kaleratu ala ez erabakitzeko garaian, nahasmena nagusitu zen akzionisten artean. Dirudienez, bozkatzaileek espero zuten galdera zen etxe kaleratzeak gelditzearen alde ala ez zeuden, baina egin zitzaien galdera zehatza ea etxe kaleratzeak gelditzearen aurka zeuden izan zen. Aldeko bozka, beraz, etxe kaleratzeen aurkakoa zen eta kontrako bozka, etxe kaleratzeen aldekoa.

Alderdi politikoek aurretiaz zabaldu dute beraien iritzia eta nahiko argi zegoen etxe kaleratzeek aurrera jarraituko zutela. Baina gehienek galdera alderantziz ulertu zutenez, emaitza ere alderantzizkoa izan zen. EH Bilduk etxe kaleratzeek jarrai zezaten bozkatu zuen atzo, iragarri zuenaren kontrakoa. Eta EAJ, PSOE eta PPk etxe kaleratzeak geratzea eskatu zuten.

Okerraz jabetzean, protestak hasi ziren eta batzarrak ezin izan zuen aurrera egin. Araudiaren arabera, hurrengo bilerara arte ezin da bozketa errepikatu eta horregatik frustrazioa, harridura, barrea, negarra eta doministikuak eragin zituen. Alderdi politikoetako kideek ondorengo irakurketa egin zuten gertatutakoaz:

  • EAJ: «Hemen bizi izan duguna onartezina da, kanaperik ere ez da egon»
  • EH Bildu: «Ateratzen garenean, ez dakigu kanpokoek besarkadak ala matarlakoak emango dizkiguten» (kanpoan ez zegoen inor, protestakoak patata frijituak jatera joanak zirelako)
  • PSOE: «Oraindik ez dut ulertu zer gertatu den, batzarra amaitu da? Atxisss!»
  • PP: «Nik ez dut sekula santan inolako gutun-azalik jaso eta kitto!»

Oraingoz beraz, Kutxabank-ek ez du etxe kaleratzerik bultzatuko hipotekak ordaindu ezin dituzten zordunen aurka. Aurrerago zer gertatuko den, ez dago bat ere argi inorentzat.