Ertzaintzak ez ditu aurkitzen erosi zituen auto kamuflatuak

 

Ertzain kamuflatu bi auto kamuflatu bat probatzen  (Ertzaintzak adetsuki utzitako argazkia)

 

“Hain ondo kamuflatuta daude, ez ditugula topatzen” adierazi dio IZPARRINGIAri Virginia Restrepo Ertzaintzako Ibilgailuen Ataleko arduradunak. “Arazo handia dugu auto kamuflatuekin, hona etortzeko erabili dudana, esaterako, ez da inondik ageri, ez dago lehen utzi dudan lekuan edo nik neuk behintzat ez dut ikusten. Eta orain zelan itzuliko naiz Arkautera? Eh? Eh?” jarraitu du Restrepo andereak etsipen puntu batez. Ez da Ertzaintzaren auto kamuflatuekin gertatu den lehen arazoa, izan ere duela aste batzuk Naiz.info-k salatu zuen auto hauen alokairuaren truke Jaurlaritzak ordaintzen duen dirutza. Orain, autoen desagertzearekin batera, areagotu egingo da seguruenik ibilgailu hauen inguruko ikamika.