Ekonomia suspertzeko “ezohiko neurriak” iragarri ditu Europako Banku Zentralak

Interes tasen jaitsierak edo bankuei emandako likidezia laguntzek izandako “eragin urria” onartuta, Europako Banku Zentrala ezohiko neurri gehiago aztertzen ari da mailegu kopurua handitu eta horien bidez eurogunea berriro hazkundearen bidean jartzeko. Mario Draghi EBZko presidenteak neurri horietako hiru aurreratu ditu gaur, baina adituek eszeptiko samar jarraitzen dute.

Hiru urratseko plana da. -azaldu du Draghik- “Europarlamentua lehenengotik hasi beharko da; horrek funtzionatzen ez badu, bigarrenarekin jarraitu eta, horrek ere kale eginez gero, orduan soilik iritsiko ginateke hirugarrenera. Bihotz-bihotzetik espero dugu hala hiritarrek nola merkatuek ere egin nahi dugunaren zentzua ondo hartu eta alferrikako ziurgabetasunik ez sortzea. Hau proposatzen ari bagara, beste erremediorik ez dagoelako da”.

Draghik aurreratu bezala, hiru erabakiak Europarlamentuan berretsi eta gauzatuko dira bata bestearen atzetik, emaitzak lortu arte:

  1. Harlem Shake erraldoia Europarlamentuko osoko bilkuran. “Oso erabaki zaila da, badakigu, eta zailtasun tekniko handiak ditu: ganberak duen tamainarekin kamerak non eta nola kokatu, nola lortu parlamentario guztiak etortzea, den-denak batera aritzea… Hala ere, garai oso zailak  bizi ditugu eta badakizue: ogi gogorrari, hagin zorrotza“. Errumaniako europarlamentarioak hasiak dira jadanik okasiorako prestatzen:
    [vsw id=”36_79oN8p4s” source=”youtube” width=”500″ height=”” autoplay=”no”]
  2. Dancers on the esplanade of the EP

    Draghik Flashmobaren aukera aipatu duenean, sekulako isiltasuna egin da parlamentario eta kazetarien artean. “Muturreko neurriak dira, baina egoera ere halakoxea da”.. Argazkia: Europako Parlamentua@Flickr. (Klik jatorrizkoa ikusteko).

    Flashmob masiboa Parlamentuko atariaren parean. “Ikusten badugu parlamentarien Harlem Shake-ak ez duela ekonomia bere onera ekartzen, kaleko jendea ere inplikatu eta Flashmob masiboa egingo dugu Parlamentuaren Bruselako egoitzako atarian hasita, hiriko kaleetan barrena. Bai, bai, badakigu mutur-muturreko erabakia dela, baina egoera ere halakoxea da”.

  3. EuroLipDuba. “Ez genuke puntu horretaraino iritsi nahi” -azaldu du Draghik, nabarmen emozionatuta- “baina aurreko ezerk ez badu fruiturik ematen, C plana ere prest dugu: LipDub Bat egingo dugu Parlamentuko eskaileretan, eta horrek ez badu ekonomia konpontzen, Jaungoikoak babestu gaitzala”. EBZko presidenteak gehitu du zailtasun tekniko izugarriak ekarriko lituzkeela C plan horretara iritsi behar izateak: hala nola, zer abesti aukeratu, nola erabaki zeintzuk izango diren agertuko diren ordezkariak, eta zein ordenetan egingo duten, eta beste hamaika kontu.

Plana azaltzen amaitutakoan, kazetariren bat edo beste negarrez ere ikusi duenean, Draghik ‘lasaitasuna’ eskatu du berriz ere: “neurriok eragina izateko, ezinbestekoa da burtsek eta hiritarrek beraiek ere zentzuz erantzutea, histerismoan erori gabe, eta lasaitasuna uneoro mantentzea. Esan dizuet, eta berriz errepikatuko dut: badakit muturreko neurriak direla, baina muturreko egoera bati erantzun behar diogu. Hori ondo ulertu behar dugu denok.”