Baionan esertzeagatik ordainduko da

Baionako udalak herriko parke batean txanponekin dabilen bankua instalatu zuen martxoan eta emaitzak ikusita, herri guztiko bankuak sistema honekin hornitzea erabaki du. Bankuak, 1 €ko txanpona sartu, eta 10 minutuz arantza metalikoak erretiratzen ditu. Denbora igarotakoan, arantza edo eztenak kolpe batez ateratzen dira, eta lehengo lekura itzuli.

Argazki hauek bankuaren funtzionamendua erakusten dute:

sadobankua1sadobankua2sadobankua3sadobankua4sadobankua5

Jean Grenet, Baionako auzapezak, prentsaurrekoan adierazi duenez, aste gutxitan banku mota honen arrakasta argi geratu da. Parke osoko bankurik erabiliena izan da eta aurreikusitako dirua baino ehun bider gehiago bildu da. Egun batzuetan jende ilarak sortu ere egin dira eta horregatik banku berrien instalazioa aurreratzea erabaki du udalak. Turismo arduradunak azaldu duenez, «asteburuetan inguruetako herritarrak hurbiltzen hasi dira eta hori hiriarentzat oso onuragarria da».

Herrian sadobankua bezala ezagutzen da banku mota hau eta gauetako erabiltzaileek Ipurterre kluba sortu berri dute. Izparringiak orain arte ez du lortu talde honetako kideekin harremanetan jartzerik. Gau batean berriz gerturatu beharko dugu informazio gehiagoren bila… Inguruetako tabernari batek pozarren azaldu digunez, herritarrek etengabe erabilera berriak aurkitzen dizkiote eserlekuari. Azkena, 1 €ren truke gerrikoari zulo gehiago egitea!

Angeluko udala oso interesatua agertu da diru iturri honekin eta botoia sakatu beharrean txanpona sartu beharra duten oinezkoen semafororik inork asmatu ote duen bila dabil.