Xabi Paya: “Ni ez naiz Peter Griffin”

family paya guy

Antzekotasuna begibistakoa izan arren Xabi Payak ukatu egin du Peter Griffin denik

Geroz eta ozenagoak bihurtzen ari ziren zurrumurruen aurrean ez isiltzea erabaki du Xabi Payak: “Ni ez naiz Peter Griffin eta ez daukat zerikusirik Family Guy telesailarekin” adierazi du Algortako XII. bertso-malabare-poteoa aurkezteko prentsaurrekoa baliatuz.

Zenbait iturrik susmagarritzat jo dituzte azken urteotan bertsolari bizkaitarrak Estatu Batuetara egindako bidaiak eta ezagunak zaizkion zereginez gain, bestelako lanetan sartuta zebilela uste izan da.

Gaurko prentsaurrekoan gaiari buruz galdetzea erabaki dute kazetariek eta erantzuna irmoa izan da: “Zer uste duzue, ez daukadala nahikoa lan bertsotan, organoa jotzen, unibertsitateko masterrak irakasten eta liburuak itzultzen (besteak beste)?”, adierazi du, kazetarien aurpegi sinesgogorren aurrean.

Gezurtatzeak ez du konbentzitu IZPARRINGIAri bere izena ez argitaratzeko eskatu dion aditu batek: “Nik dakidala inork ez ditu Xabi Paya eta Peter Griffin gela berean ikusi. Datu esanguratsua da”.