Twitterren “Negua joan da ta” kanta aipatzen duten hurrengoak afusilatuko dituzte egunsentian

Gaur, udaberria hasi den egun honetan, AÑOKOTA (m)-k (Abesti Ñoñoen Kontrako Taldea, militarra) mehatxu argia bota du: “Ez dadila berriro gertatu iazkoa, zazpiehun aldiz agertu zen jende guztiaren Timelineetan Negua joan da ta”Zea Mays-en kanta ezaguna ezin egokiagotzat jo zuten milaka tuiterlarik eta negua joan zelako alaitasuna adierazteko beren Twitter kontuetan estekatu zuten abestia “Iupiii!!”, “Ze guaiiiii!”, “Txatxi piruliiii!!” eta antzeko esaldi melengak lagun. Berriro errepikatu ez dadila eskatu dute mesedez, faborez, arren eta otoi AÑOKOTA (m)-koek, “ze, klaro, gero euria eta hotza egiten jarraituko du, eta denok negarrez, ezta?”. Talde armatuaren azken hitzak hauek izan dira:  “Eta mesedez eskatuta ere ez baduzue jaramonik egiten, banan banan afusilatuko zaituztegu. Udaberriko lehen egunsentian, izorra zaitezte! Mwahahahaha!”