Realak 8 puntu oparituko dizkio Athletici Aperribayri esker

Bilboko Kale Nagusiari Realeko presidentearen izena jarriko dio Azkunak

Athletic bigarren mailara jaistea guztiz ekiditeko, Realak  8 puntu oparituko dizkio Bilboko futbol taldeari. Aperribay Realeko presidenteak esan duenez “donostiar eta bilbotarren arteko konpetentzia betidanik existitu da, baina mugara iritsi garela iruditzen zait. Kostatu zaigu begiak irekitzea, baina benetan ez gara arerioak, anaiak baizik. Horregatik, elkarri lagundu behar diogula iruditzen zait. Realzaleok ez dugu Athletic bigarren mailan ikusi nahi; disfrutatzen dugu zuri-urdinak zuri-gorrien aurka jokatzen ikustean, emozioa izugarria da. Ospakizunak, gainera, denon artean egiten ditugu, bat bagina bezala. Hori zelaian ere ikusi beharko litzateke, gogorra da anaia sufritzen ikustea”.

Bere hitzek oihartzun handia izan dute sare sozialetan; oro har, Athleticzale guztiak hunkiturik daude eta Realeko presidentearen jokabidea txalotu dute. Iker Muniainek Twitterren zera partekatu du: “eskerrak eman nahi dizkiogu guztiok Aperribayri. Oraintxe bertan, Athletic ez litzateke ezer izango bera gabe”.

Munduko alkaterik onenak, Iñaki Azkunak alegia,  jakinarazi du Kale Nagusiari izena aldatuko diotela, eta hemendik aurrera Jokin Aperribay deituko dela. Bilbotarrek diote zaila egingo dela aldaketa honetara ohitzea, baina Athleticengatik edozer gauza egiteko prest daudela.