Metroa Lekeition

 

Pare bat urte dira, gutxi gora-behera, Lekeitioko herria Garraitz irlarekin lotzen zuen bidexka edota malekoia hautsi zena, ondorioz Lea errekaren norabidea ere apur bat aztoratu egin da gainera, eta arazoak eman izan ditu, korronte aldaketa dela eta Salbajeko hondartzak hondar asko galdu baitu. Malekoiak tarte hautsiak izatean erreka zirrikitu horietatik itsasoratzen hasi zen, eta ondorio oso latzak ez izan arren, orain ezinezkoa da Isuntza hondartzatik irlara busti gabe igarotzea.

Isuntza hondartzako metro ahoa

Hori dela eta, bidexka konpontzeko diru laguntza eske ibili da udala, baina ez zuen emaitza handirik lortu Bilbok eskaintza bat egin arte. Metro Bilbaok, malekoia hasten den Isuntza hondartzan eta irlan biak batzen zituen metroko aho bana jarriko zizkiola esan zion, eta doan egingo zuela gainera, baina lekeitiarrek bilbokoei “beraneante” deitzea uztearen ordainetan.

Herriko alkateak, baiezkoa eman zuen hilabete luzeak pentsatzen eman eta gero, oso zaila iruditzen baitzitzaion lekeitiarren ahotik hitz hori kentzea. Hala ere, baietz esan eta erantzun bezain pronto ekin zioten Metro Bilbaoko langileek lanari -behean daukazue joan den asteko asteazkenean ateratako argazki bat, momentu honetan obrak zer moduz doazen ikusteko-.

 

Oso zaila izan den arren, prest daude herria berriro ere irlarekin komunikatuko duen zuloa eta baita Isuntza hondartzako metro-ahoa ere. Oraingoz arazo nagusia irlako ahoa da, kalatxoriak aurka agertu baitira, obrako langileak hurbiltzen diren bakoitzean kaka-bonbardeoari ekiten diotelako.

Arazoari muzin egin eta, emandako azken prentsaurrekoan esandakoaren arabera, metroa uda honetarako erabilgarri izango dela jakinarazi zuten bilbotarrek, eta batek daki, agian egunen baten Lekeitio Bilborekin batuko duen linea bat egingo dute, batek daki zeren ordainetan.