Euskal Filologiako ikasleen komunikazio sistema deskodetzea lortu dute

“Bost urtez aztertzen egon eta gero, AEBtako Princeton unibertsitateko hainbat ikerlarik Euskal Filologiako ikasleen komunikazio sistema deskodetzea lortu dute. Ikerketaren abiapuntua ikasleok karrera bukatzeko behar izaten duten gehiegizko denbora da.

Oso gutxik amaitzen omen dituzte euskal ikasketak aurretik ezarritako epean.”Lau urteko karrera da, baina bukatzeko zazpi urteraino behar izaten dute, batzuetan zortzi”, azaldu du John Simmers ikerketaren buruak. “Horregatik pentsatu genuen arrazoiren bat egon behar zuela. Eta aurkitu egin dugu; izan ere, Euskal Filologiako ikasleek gainontzekoena ez bestelako komunikazio sistema bat erabiltzen dute: pankarta eta panfleto bidezkoa”. Aurretik teoria hutsa zena frogatzea lortu du beraz Simmersen taldeak.

Facultad-2m30-r

Hainbat datu interesgarri ageri da Sociology and Liguistics Today-en argitaratutako artikuluan: “Pankarta bateko testua erakustean, Euskal Filologiako bigarren urteko ikasleen %91k bertan zioena ulertu zuten. Liburu batean testu bera erakustean, berriz %42k besterik ez.” Ikerketak dioenez, urteak fakultatean pasa ahala bi ehunekoen arteko aldea are handiago egiten da.

Ez hori bakrrik: letra moldeak ere eragina omen du. “Haserre moduan, pixka bat itxusi idatzitako letra mota nahiago dutela ikusi dugu. Gainera, bereziki errazten da komunikazioa mezua punta lodiko errotuladorez izkiriatua badago”.

Ikerketa argitaratu berria bada ere, zenbait irakaslek hainbat aldaketa egiteari ekin diote jada. EHUko hainbat maisu, esaterako, hasiak dira pankartak idazten powerpointak ordezkatzeko: “Chomskyk aurreko teoriei SUA!!!” edo “Azkuek Euskaltzaindia AURRERA!!” bezalako leloak laster izango dira ikasgeletan.

Ikasle Abertzaleen elkarteak, bestalde, adierazi du Princetongo zientzialarien ikerketa “sexista eta kapitalista” dela, eta ez duela “horrelako inposaketarik  sekula ere onartuko”.