Durangoko Azokak eredu diagonala hobetsiko du

Durangoko Azokaren inguruko eredu horizontal eta bertikalaren arteko gatazka, konpromisoko formula batekin konpondu dute eragileek: diagonala izango da hemendik aurrerako antolaketa.

Diagonaltasunaren inguruko akordio zabal hau erdiesteko, nahikoa izan dira 27 bilera egitea. Besteak beste, marra diagonalaren angelua zehaztu ahal izan da, eta %45eko pendiza izatearekin ados agertu dira eragileak, nahiz eta Ternuako ultratrail fakzio erradikalak gutxienez %60koa nahi zuen hasiera batean.

diagonalak

Hala ere, erpin batzuk oraindik konpontzeke daude. Batez ere, diagonaltasunaren orientazioa da frikzio puntu nagusia orain. Batzuek, goranzko diagonala nahi luketen bitartean, beste batzuek beheranzkoa nahi lukete. Oreka puntu bat lortu aldera, Baketik erakundearen bitartekaritza zerbitzuak erdibideko posizio bat proposatu du, ez gorantz ez beherantz, baina honek ez ditu denak konbentzitu. “Oreka puntu horren kontuarekin, berriz horizontalki jarri nahi gaitu Jonan Fernandezek, ezagutuko ez bagenu bezala!”, adierazi du fakzio bertikaleko eragile batek, Zutoia Arriluzeak. “Ahotsenea suntsitu eta Ajurianea inposatu nahi digute!”, gehitu du.