“Deadliest Warrior” euskaraz ETB1en: Lehen atalean “Idazleak VS bertsolariak”

ETB1-en eta euskaraz ikusi ahal izango dugu AEBetako saio arrakastatsuaren egokitzapena.

ETB1-en eta euskaraz ikusi ahal izango dugu AEBetako saio arrakastatsuaren egokitzapena.

Jakina da aspaldion idazle eta bertsolari zenbaiten arteko ikamikak ez duela etenik. Alta, eztabaida gizalegezko hasi zena mikazten joan da eta ez da egunik baten edo beste baten adierazpen garratzik gabe. Era guztietako leporatzeak irakurtzen ditugu gaur bai eta bihar ere bai. Bada talde bien artean kontua mozkorraldi suntsitzaile kolektibo batekin konpondu nahi duenik, baina gauzak urrutiegi heldu omen dira dagoeneko. Beranduegi omen da.

Esan bezala, lehen atala “Bertsolariak VS Idazleak: Zein da #euscool-ago?” izango da. Borroka hiru saiotan zehar luzatuko da eta arma eta kolpe guztiak izango dira zilegi, labankadak, gezurrak eta sofismak barne. Galtzailea beste taldekoen tesiei arrazoia ematera egongo da behartuta: bost urtez, astean behin egin beharko du aurkakoen argudioen aldeko aitortza publikoa Twitter, blog, Facebook eta epaimahaiak erabaki lezakeen edozein beste plaza publikotan.

ETB1eko programazio zuzendari Pelo Karakolak  adierazi duenez, audientzia datu “espektakularrak” espero dituzte. Hurrengo saioetan Horizontalak VS Bertikalak, Sustatu VS ZuZeu, Sortu VS Euskoekintza edo IZPARRINGIA VS Gure Lurraren Deia izan litezke. Diotenez, laster baten deituko dute castingetan parte hartzeko.