Chavista inkontrolatuek istilu larriak eragin dituzte Bolibarren

Chavista talde inkontrolatu batek istilu larriak eragin ditu goizean Bolibarren (Bizkaia), Hugo Chavezen heriotzak asaldatuta herrian “Bene-benetako Errepublika Bolibartarra” ezartzen saiatu denean.

Bolibartarrak lasai-lasai esnatu dira, harik eta dozena bat pasatxo Chavista auzoan sartu eta Errepublika ezartzen saiatu den arte. (Irudia: Janfri@Wikipedia)

“Jeneralak umezurtz utzi gaituen honetan, zer hobe Simon Bolívarren beraren jaioterrira etorri eta BBEB (Bene-Benetako Errepublika Bolibartarra) ezartzea baino!!!”- oihukatu du chavisten buruak, Simon Bolívar askatzailearen monolitoaren aurrean. Erreboltariak Bolibartarren jauregian sartu dira jarraian, eta gero Bolibarren Museorantz jo dute, Bene-Benetako Errepublika Bolibartarreko Gobernu Bolibartarraren egoitza bertan ezartzeko asmoarekin.

Orduan, Museoko arduradunak azaldu die Simon Bolívar ez zela Bolibarren jaio, Venezuelan baizik. “Hurrengo baterako ea hobeto informatzen zareten!!!” oihukatu die iraultzaileei, nahiko modu zakarrean, kafe ordua izorratu baitiote.

Chavista inkontrolatuek onartu dute “iraultzaileak bai, baina edukatuak ere bai” badirela, eta segituan alde egin dute auzotik, sartzean kalean barreiatutako konfeti, eskuorri eta banderolak jaso ostean. Oraindik ez dago argi taldea guztiz desegin ala Ziortzako monasterioa erretzera joan den.