Bi toalla eta xanpua ostuta alde egin du Benedikto XVI.ak Vatikanotik

 

Ratzinger, setan sabis?

Vatikanoko bertako iturri sinesgarriek diotenez, bi artilezko toalla eta sagar zaporeko xanpua ostuta alde egin du Benedikto XVI.ak jainkoaren etxetik. Lapurreta, larunbat gaueko ordu txikietan jazo omen zen. Aita santu ohiak guardia suitzarrari iluntzeroko kafea saboteatu eta kafeina gabeko batengatik aldatu omen zion. Modu honetan, zaintzailea berehala hasi zen zurrunga, eta Ratzingerrek ez zuen aukera alferrik galdu. Bainugelan sartu eta, gupidagabe, horren gustuko zituen objektuak sotana azpian sartu zituen.

Carabinieri-en bertsioak dioenez, lapurretaz gain, pixa egin eta ur-ponpari eragin gabe ihes egin omen zuen ustezko gaizkileak. Honen lagunak zur eta lur daude jazotakoarekin, gertaera ezin sinetsirik. “Beti izan da narrasa kabroia”, dio ziurtasunez gertuko kontaktu batek, “pixa-arrastoarenak eta lapurretarenak ez nau harritzen. Benetan aho bete hortz utzi nauena, ordea, xanpuarena izan da. Sagar usainekoa baino, Johnson’s Baby erabili izan du beti”. Izparringia.net-ekin kontaktuan jarri den iturriak ez du bere identitatea erakutsi nahi izan, segurtasun kontuak direla eta.

Urkullu, Portugalen

Gertaeraren nolakotasuna eta irismen mundiala ikusirik, toalla ekoizleak eskuak pozez igurzten ari dira. Nazioarteko Diru Funtsaren azken ikerketaren arabera, esku-oihalen eskariak maximo historikoetara iritsiko da datozen hilabeteetan, eta Urkullu dagoeneko Cavaco Silvarekin bildua  da Lisboan.

Portugal da, hain zuzen, munduko toalla ekoizle eta esportatzaile handiena, eta EAEko presidenteak ez du dirutza egiteko aukera galdu nahi izan. Hala ere, bere esanen arabera, “ezkutuko lanetan” dihardu, “diskrezio osoz”, eta ez du inolako adierazpenik egingo gaiaren inguruan.