@aranagoiri-k bere identitatea jakinaraziko du 10.000 euroren truke

Dirua lortzeko kanpaina martxan da dagoeneko

Aranagoiri!!

Euskal Herriko mundu digitaleko iritzi-liderrak, XXI. mendeko Sabino Aranak, jakinarazi du prest dagoela bere nortasuna zein den esateko 10.000 euro eskuratzen baldin baditu. Erabiltzaileak berak zabaldutako prentsa oharrean esan du horrenbeste pertsona zirikatu dituela non beldur den benetan zein den adierazteko, eta diru hori beharrezkoa litzatekeela Gorka Maneirok edo Joseriera Torresek salaketarik jarriko baliote. Osaba Sabinek argi utzi du bere intentzioa ez dela inoiz mina ematea izan: “ez dut uste inori benetako kalterik egin diodanik, hala izatekotan barkamena eskatzen diot bihotz-bihotzez, baina gizarte honetan umore pixka bat faltan dugula iruditzen zait. Gainera, ezin dugu ukatu kasu askotan justifikaturik dagoela. Garbiketarik ezin bada egin, etekina atera beharko diogu batzuk duten gabeziari”.

Bere bizitza pribatuari dagokionez, @aranagoirik tinko hitz egin du “Ni zoriontsu bizi naiz anonimotasunean, kaletik inork ez daki nor naizen, eta momentuz hala nahiago. Ospea eta autografoak sinatzea arrotza egingo litzaidake. Eta askok galdetu didatenari erantzunez, ez dut uste inoiz prest egongo naizenik ‘Euskadi galdezka’ bezalako programetan parte hartzeko, ez; akaso ‘z’-rekin idatziko balute, birplanteatuko nuke”. Bestalde, gehitu du euskal mundu digitaleko erabiltzaile askorekin harreman estuak sortu dituela, eta haien eskakizunak direla eta bururatu zaiola behingoz jakinaraztea zein den “Egunero ehunka mezu pribatu jasotzen ditut nor naizen galdetuz. Twitterreko erabiltzaileek maite naute, begi-bistan da, eta haiengatik erabaki dut aurrera pausu hau ematea, saria irabazi dutela iruditzen baitzait”.

Honetarako, kanpaina bat hasi du nahi dutenak dirua gehitzen joan daitezen, 10.000 eurotara iristen den arte “ekarpen txikiena bost eurokoa da, kopurua barregarria da kontuan izanik helburuak merezi duela”, idatzi du gaur bertan @aranagoirik Twitterren. Dagoeneko, 2.000 euro baino gehiago lortu dira, eta JELpean, erabiltzaileak uste du horrela jarraituz gero hiru aste barru bere identitatea jakinaraziko duela.